Zarauzko Arte eta Historia museoak bisita gidatu bereziak eskainiko ditu azaroaren 1ean, 2an eta 3an, Gau Beltzaren aitzakian. Santu Guztien Eguna da azaroaren 1a, eta horri lotuta, bizilagunek herriko hilerri zaharrena bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute hiru egunez. Era berean, Andra Mari Zeruratzea parroki-elizako monumentu multzoaren parte den kanpandorreko Erdi Aroko nekropolia ezagutuko dute.
Museoak zehaztu duenez, egun bakoitzean bisita bana egongo da, 16:30ean hasita. Halere, hilaren 2an, larunbatez, 12:30ean ere eskainiko dute. Ordubete inguruko iraupena izango du bakoitzak, eta euskaraz nahiz gazteleraz eskainiko dituzte. Parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea (2,10 euro), plazak mugatuak baitira. Horretarako, info@menosca.com helbidera mezua bidali behar da.