Decathlon Euskalsurf Zirkuituaren bigarren proba jokatu zuten joan den asteburuan hainbat surflarik Sopelako uretan, eta Adur Amatriain zarauztarrak erdietsi zuen garaipena.
Eguraldi onak egun osoan eutsi zion, metro eta erdi eta bi metroko olatuekin eta hego-mendebaldeko haizearekin, eta Amatriainekin batera, 38 gizonezkok eta 10 emakumezkok parte hartu zuten txapelketan.
Irabazleaz gain, baina, zarauztarrek eskuratu zituzten bigarren, hirugarren eta laugarren postuak ere, hurrenez hurren, Oxel Oregik, Iker Amatriainek eta Indar Unanuek. Nesketan, aldiz, Ariana Otxoa bizkaitarrak irabazi zuen.
Erostarbe, ordezko surflari CT zirkuituan
Bere aldetik, aurreko astean jakin zuen Nadia Erostarbek ez zuela lortu Championship Tour txapelketako txartela, sailkapen horretan seigarren geratu ostean. Postu horrek, ordea, 2025ko CT txapelketan ordezko surflari moduan jokatzeko aukera emango dio. Hori horrela izanda, txapelketa horretako surflariren batek ezin badu probaren bat jokatu, zarauztarrak ordezkatuko luke leku hutsa.