Palestinaren kontrako genozidioa gelditzeko aldarritu dute zarauztarrek

Aritz Mutiozabal 2024ko urr. 21a, 20:00

Iraia Elias manifestua irakurtzen, elkarretaratzean. (Aritz Mutiozabal)

Genozidioa stop lelopean, eta Palestinari elkartasuna adierazteko, makina bat herritar bildu da arratsaldean Lege Zaharren Enparantzan. Ondoren, manifestazioa egin dute Alde Zaharreko keleetatik.

Gernika-Palestina plataformak egindako deialdiari gogotik erantzun diote zarauztarrek. Gaur, astelehena, 19:00en bueltan, dozenaka lagun elkartu dira udaletxe aurrean, Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko.

Euskal Herriko herri guztietarako egin zuen elkarretaratzeak egiteko deialdia Gernika-Palestina plataformak, Israelek Palestinaren aurkako erasoa hasi zuenetik urtebete pasatxo denean. Genozidioa stop leloa zuen pankartaren atzean batu dira Zarautzen ere. Hasieran, Gernika-Palestina plataformak egunotako mobilizazioetarako prestatu duen manifestua irakurri du Iraia Elias aktoreak, eta ondoren, elkarretaratze isila egin dute. Bukatzeko, manifestazioa egin dute bertaratu den jendetzak Alde Zaharrean barna.

Alderdi politikoek, sindikatuek eta eragile sozialek babestu dute deialdia. Hain justu, EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Ahal Dugu, Sumar nahiz Ezker Anitza alderdietako zein ELA, LAB, Steilas, CCOO, UGT, CGT, Solidari, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuetako ordezkariek parte hartu zuten Gernika-Palestinak mobilizazioa deitzeko egin zuen agerraldian, baita Ernaik, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak eta Euskal Herriko Bilgune Feministak ere.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide