Iñurritzan eta kiroldegian egingo dituzte aste honetan aurrekontuen inguruko bilerak

Guka 2024ko urr. 21a, 13:30

Auzoz auzo egingo dituzten bileren kartela, Santa Klara kanpoaldean. (Zarauzko Udala)

Auzoz auzoko bilerekin aste honetan hasi da udala, bizilagunen proposamenak jasotzeko. Horrez gain, postontzia erabiliz nahiz telematikoki ekarpenak egin daitezke.

2025eko udal aurrekontuak osatzeko, herritarren proposamenak jasotzen ari da Zarauzko Udala. Herritarrek ideiak helarazteko hainbat aukera dituzte horretarako; batetik, horretarako propio jarri dituzten postontziak erabiliz edota telematikoki;  eta, bestetik, udal ordezkariak auzoz auzo egiten ari diren bileretan.

Dagoeneko lau bilera egin dituzte, eta aste honetan beste bi egingo dituzte: bihar, urriaren 22an, asteartean, Iñurritzako Jubilatuen Elkarteko goiko solairuan, 18:30ean, Iñurritza, Mendilauta eta Talaimendiko bizilagunentzat; eta urriaren 24an, ostegunean, Aritzbatalde kiroldegiko 8. aretoan, 18:30ean, Zelai Ondo, Aritzbatalde, Mitxelena eta Salberdin auzokoentzat.

Bestalde, postontziak ondorengo tokietan topatuko dituzte herritarrek: Vista Alegre auzo elkartean, Etxezabalan eta Portuetxen, Sanz Enean, Udal Euskaltegian, Azken Portuko Kristau Biltokian, Aritzbatalde kiroldegian eta Iñurritzako auzo elkartean. Telematikoki ekarpenak egin nahi dituztenek, berriz, partehartu@zarautz.eus posta elektronikora idatzi dezakete edo udalaren webguneko Parte hartu atalean sartu.

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide