Atzo ospatutako Kudrilla Egunaren ondoren, Zarauzko malekoia plastikozko botilaz, tetrabrikez eta plastikozko eta beirazko edalontziz josita esnatu dira. Gaurkoan, baina, beste hondakin motza batzuk biltzeko hitzordua jarri dute. Izan ere, olatuek itsasertzera ekarritako eta denboran zehar Zarauzko hondartzan pilatutako plastiko zati txikiak, mikroplastikoak eta bestelako hondakin txikiak biltzen aritu dira goizean zehar.
Pasaiako Mater ontzi museo ekoaktiboko kidee gidatu dute malekoiko Dama inguruko eremuan gauzatutako ekintza. Plastikoek eragin ditzaketen kalteez aritu dira lehenbizi ekintzaileak. Adierazi dutenez, gizakiok bost gramo plastiko irensten dugu astero. Horietatik batzuk bota egiten ditu gorputzak, baina beste asko barrenean geratzen dira.
Hasteko, Dama ingurutik abiatu eta Desertu txikira bitarteko hondartza zatia arakatu dute, baita han aurkitutako hondakin ez naturalak bildu ere: kortxoak, plastikozko botilak, tetrabrikak, plastiko zati txikiak, etab. Jarraian, hondakin horiek karakterizatu egin dituzte, eta birziklatzea posible zirenak edukiontzi horira bota dituzte, besteak errefusakora.
Ondoren, galbaheak eskutan, mikroplastikoak biltzen aritu dira. Horren guztiaren datuak ere hartu dituzte Materreko kideek. Hauek zein udal teknikariek adierazi dutenez, udazkenean zehar bisita batzuk egingo dituzte Zarauzko ikastetxeetako ikasleekin, eta haiekin ere mikroplastikoak biltzen aritu dira. Behin bisita hauek emango dituzten datuak aztertu eta gero, Zarauzko hondartzaren egoera zein den ondorioztatuko duten behin betiko datuak izango dituzte. Dena ondo bidean, datu horiek abendurako izatea espero dute.
Argazkiak: Ainara Garcia eta Juan Luis Romatet.