Ohi bezala, perretxiko erakusketarekin emango diote amaiera Zarautzen Arkamurka natur elkarteak antolatutako Natur Asteari. Aurreko egunetan, gai desberdinen inguruko hitzaldiak programatu eta gero, udazkeneko loreen bilduma erakutsi dute Zarauzko talde ekologistako kideek Merkatu plazan.
Pagadia aukeratu dute erakusketarako gai gisa Arkamurkako kideek eta ekosistema horretan loratzen diren perretxiko onddo mota desberdinak jarri dituzte ikusgai. Antolatzaileen hitzetan, 80 bat perretxiko erakutsi dituzte erakusketan, eta beste 30 bat espezie sailkatu gabe geratu dira.
Erakusketak gehiagorako ere ematen du. Hala, hezeguneetan aurki daitezken narraztien eta anfibioen inguruko panelak ere erakutsi dituzte; Aranzadi zientzia elkarteak utzitako panelak dira hauek. Horiez gain, inguruko hezegune bateko erreprodukzioa egin nahi izan dute, eta ekosistema horietan hazten diren espezie inbaditzaileak erakutsi dituzte, baita hezegune osasuntsu batek izan beharko lukeen itxura proposatu ere.
Erakusketa arratsaldez ere bisitagai izango da Merkatu plazan, 16:30etik 19:00etara bitartean.