Iñigo Agerri Mielotxin taldeko kidearen hitzak, atzo berripaper honek bilduak: «Kostatzen zaigu Nafarroako zenbait tokitan jotzea; Tafallatik hegoaldera, batez ere. Uste dut udal askotan zuzenean baztertzen gaituztela, gure izenean tx ikusten dutenean».
Esanguratsua. Elkarrizketan zehar kontatzen baitu Espainian kontzertu asko eskaintzen dituztela —nazioartean ere iritsi izan dira Suediara, Alemaniara, Jordaniara, Brasilera…— eta harrera ona izaten dutela. Baina Tafallatik behera, Nafarroan bertan, fidakaitz azaltzen dira udalak. Eta itxitasun txatxua irudituko zaigu, mingarria guretzat, baina onar dezagun begirada txorrotxa dutela udal horiek. Euren etxea euren etxea da, eta atxiki dute etxeari txukun eusteko modua. Tx bat hurbiltzen sumatzean, atea itxi eta kito.
Irekiagoak gara gu. Inozoagoak ere bai. Duela bi hilabete antolatu zituzten gure herrian LOS40 Summer Live kontzertuak. Askotariko talde eta kantariak. Guk ez genuen ch-rik iristen ikusi. Edo bai. Eta berdin-berdin egin genion harrera, mehatxutzat hartu gabe. Esaterako, Vicco-k bere kanturik ezagunena eskaini zigun: Nochentera: «Sábado noche 1980, tengo bebida fría en la nevera, luces neón por toda la escalera, toque de glitter, chupito de absenta…». Tafallatik behera aurrera ez jotzea erabaki dute batzuek; guk, berrogei urte atzera egitea.