Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egingo dute astelehenean

Julene Frantzesena 2024ko urr. 19a, 12:00

Palestinaren aldeko mobilizazioa anbulatorio aurrean. (Guka).

Gernika-Palestina plataformak deituta,  hainbat kontzentrazio egingo dituzte Euskal Herriko plazetan. Zarautzen, Lege Zaharren Enparantzan egingo dute mobilizazioa, 19:00etan.

Urtebete pasatxo da Israelek Palestinaren aurkako erasoa hasi zuela, eta "berehalako su etena" eskatzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak izango dira astelehenean Euskal Herriko plazetan. Gernika-Palestina plataformak deitu ditu kontzentrazioak, eta eskualdeko herrietan ere egingo dituzte. Zarautzen, 19:00etan izango dira, Lege Zaharren Enparantzan.

Alderdi politikoek, sindikatuek eta eragile sozialek babestu dute deialdia. Hain justu, EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Ahal Dugu, Sumar nahiz Ezker Anitza alderdietako zein ELA, LAB, Steilas, CCOO, UGT, CGT, Solidari, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuetako ordezkariek parte hartu zuten Gernika-Palestinak mobilizazioa deitzeko egin zuen agerraldian, baita Ernaik, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak eta Euskal Herriko Bilgune Feministak ere.

Duela bi aste egin zuen Gernika-Palestina plataformak protestarako deia Donostian, "armak isil daitezen eta Israelek egindako okupazio koloniala buka dadin". Halaber, agerraldi hartan bildu zirenek Mendebaldeko estatuei Israelgo estatuarekin arma eta baliabide militarren salerosketa etetea galdegin zieten. "Funtsezko abiapuntutzat jotzen ditugu Palestinan inongo estatu edota potentziaren esku-hartzerik eza, eta bere autodeterminazio eskubidearen errespetua. Palestinako biztanleek baliabide materialak eta politikoak behar dituzte beraien lurraldean gelditzeko eta duintasunez bizi ahal izateko", adierazi zuten.

Plataformaren arabera, "elkarrizketaren eta negoziazioaren" bidea hartuta soilik konponduko da Palestinak egun bizi duen egoera; "bake justua, egonkorra eta iraunkorra" dituzte helburu nagusitzat. Horretarako, nazioarteko komunitatearen parte hartzea "funtsezko gakoa" izango dela dio Gernika-Palestina plataformak. Izan ere, uste du hori dela aldeak negoziatzera bultzatzeko eta nazioarteko zuzenbidean eta Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak zorrotz betetzeko "modu bakarra".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide