Askotariko emaitzak lortu dituzte ZKE Halterofiliako kideek Gipuzkoako txapelketan

Mireia Galarza Bastida 2024ko urr. 18a, 13:00

Asteburuko talde argazkia. (ZKE)

Guztira txapelketa osoan ZKE halterofilia taldeak brontze bat, zazpi zilar, 14 urre eta bi kopa lortu zituen asteburuan egindako txapelketan. 

Joan den larunbatean jokatu zituzten Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian Gipuzkoako 17 eta 15 urtez azpiko Halterofilia Txapelketak, baita Teknika Saria ere. Guztira 16 gaztek parte hartu zuten Teknika Sarian, eta 8 neskak eta 12 mutilek txapelketan.

Teknika Sariari dagokionez Xune Gartxoteneak benjamin mailako urrea eskuratu zuen; Nahia Mendizabalek eta Odin Zulaikak alebin taldeko zilarra nahiz urrea, hurrenez hurren, eta Aiur Zulaikak infantil mailako zilarra.

15 urtez azpiko altxalariei dagokionez, nesken 49 kiloz azpiko kategorian, Lore Mendizabalek zilarra eta Mara Monasteriok urrea eskuratu zuten. 55 kiloz azpiko taldean, aldiz, Maddi Lertxundik zilarra eta Lide Mendizabalek urrea lortu zuten, eta 64 kiloz azpiko kategorian Ainhoa Urkiolak urrea. Mutiletan, berriz, 45 kiloz azpiko mailan Aiur Zulaikak urrea eskuratu zuen eta 55 kiloz azpiko kategorian Unax Diazek zilarra. Txapelketa horretan, nesken sailkapenean Lide Mendizabalek lehen postua eta kopa lortu zituen.

17 urtez azpiko txapelketari dagokionez, 49 kiloz azpiko kategorian, Lore Mendizabalek zilarra eta Mara Monasteriok urrea lortu zituzten, 55 kiloz azpiko kategorian Maddi Lertxundik zilarra eta Lide Mendizabalek urrea, eta 64 kiloz azpiko taldean Ainhoa Urkiolak urrea. Mutiletan, 45 kiloz azpiko mailan Aiur Zulaikak urrea eskuratu zuen, 49 kiloz azpiko kategorian Julen Silvanek urrea, 61 kiloz azpiko taldean Jakes Etxeberriak urrea eta 89 kiloz azpikoan Alex Balenciagak ere urrea. 55 kiloz azpiko kategorian, berriz, Unax Diazek brontzea eta Erik Expositok urrea eskuratu zituzten. Txapelketa honetan ere, nesken sailkapenean Lide Mendizabalek lehenengo postua eta kopa lortu zituen.

Datuak, orokorrean

Guztira txapelketa osoan ZKE halterofilia taldeak brontze bat, zazpi zilar, 14 urre eta bi kopa lortu zituen. Bestalde txapelketa horretan Erik Exposito eta Jakes Etxeberriak Espainiako 17 urtez azpiko txapelketarako minimak egin zituzten, eta horrela taldeko 7 kirolari daude sailkatuta.

Goiza igarota, arratsaldean zehar ZKE Halterofilia taldeko helduek pilotalekuan jarritako tarima aprobetxatu zuten ligako laugarren jardunaldia lehiatzeko, eta horrekin taldeak aurtengo denboraldiari amaiera eman zion.

Aurrera begira, baina, taldeak bi ekitaldi garantzitsu ditu begibistan. Azaroko lehen asteburuan, Gasteizen, Euskadiko 17 urtez azpiko eta 15 urtez azpiko txapelketak lehiatuko dituzte, Gipuzkoako selekzioan taldeko hainbat altxalari izango direlako. Bestalde, Euskadiko selekzioak hautatuta, asteburu berean ZKEko Imanol Citores, Helena Abendaño eta Malen Monasterio altxalariak eta Imanol Zulaika entrenatzailea Greziako Kreta irlan izango dira lagunarteko txapelketa batean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide