Garapen emozionalaren inguruko tailerra antolatu du udalak gurasoentzako

Intza Trula 2024ko urr. 20a, 09:00

Garapen emozionalaren inguruko tailerra antolatu du udalak. (Pixabay)

6 eta 12 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei bideratutako tailerra izango da. Izena emateko azken eguna urriaren 31n izango da.

Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuek haurrek garapen emozional osasuntsua izan dezaten laguntzeko tailerra antolatu dute. Zehaztu dutenez, 6 eta 12 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei bideratutako saioak izango dira, eta parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea.

Nerea Mendizabal psikopedagogoak gidatuko ditu eskolak, eta azaroaren 6an, 13an, 20an eta 27an elkartuko dira, 17:30etik 19:30era, Zuberoa kaleko 22. zenbakian.

Saio horiek hainbat helburu izango dituzte; esaterako, haurraren garapen emozionala ulertzea, haurren jarrerak bideratzeko estrategiak eskuratzea, gurasoen eta haurren emozioak kudeatzeko trebetasunak garatzea, seme alaben bidelagun garen heinean gure funtzioak zehaztea eta gatazken kudeaketan abileziak praktikatzea.

Hori hala, tailerrean parte hartu nahi dutenek honako lotura honetan eman dezakete izena. Antolatzaileek zehaztu dutenez, plazak mugatuak izango dira, eta gutxieneko pertsona kopuru batek eman beharko du izena ikastaroa aurrera eramateko. Aitzitik, dagoen toki kopurua baino jende gehiagok izena emango balu, Zarauzko bizilagunek izango lukete lehentasuna. Ikastaroak hamar euroko kostua izango du, eta ikastaroa egingo dela eta onartuen zerrenda argitaratzean ordaindu beharko da. Informazio gehiago nahi duenak prebentzioa@zarautz.eus helbidera idatzi dezake.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide