Squarema Pro txapelketa jokatu dute azken egunotan Brasilen, Rio de Janeiron zehazki, eta tartean izan da Nadia Erostarbe. Zarauztarrak ez ditu, baina, nahi bezalako emaitzak lortu, eta 25. amaitu du txapelketa, jokatu zuen lehen txapelketan kaleratu baitzuten.
Zirkuituak sei proba ditu guztira eta lau emaitza onenak hartzen dira kontuan bertan. Brasilgo azken txapelketaren aurretik Erostarbe bosgarren zegoen behin behineko sailkapenean, baina Vahine Fierro frantziarrak azken unean aurreratu du finalera sailkatuta. Txapelketa Macy Callaghan australiarrak irabazi du.
Nadiak mezu bat ere zabaldu du bere sare sozialetan, etsita, azaltzen hilabete zaila izan duela Amerikako Estatu Batuetan jokatutako txapelketaren ondoren eta horrek eragin diola bere mailatik behera aritzea. Dioenez, bizkarrean kolpea hartu zuen Estatu Batuetako txapelketaren ondorioz ezin izan du "behar bezela surfeatu eta entrenatu" geratzen zitzaizkion txapelketak prestatzeko. Hori nahiko "frustragarria" izan dela ere badio, bere kirol ibilbideko "une onenean eta erabakigarrenean" zegoelako. Hala ere, "balantze positiboa" egiten du urteaz, "izugarria" izan delako eta alderdi askotan "asko hazi" delako. Era berean, urte "luzea" izan dela eta "oso nekatuta" amaitu duela aitortu du zarauztarrak, eta atseden hartzeko gogoa besterik ez duela orain.