Gukasteka

Bakarlarien hitza, umorearen giltza

Intza Trula 2024ko urriaren 17a

Julen Portillo, ezkerretik hasi eta bigarrena. (Utzitakoa)

Bakarrizketen esparruak oihartzun handia hartu du azken boladan Euskal Herrian. Julen Portillo eta Gorka Olazabal Paxo dira, esaterako, oholtzarik oholtza dabiltzan bi umoregile zarauztar.

Ikuskizuna hasteko bost minutu besterik ez dira falta, eta dagoeneko hasi dira agertokiko besaulkiak jendez betetzen. Familian etorri dira batzuk, eta lagunekin plan ezberdin bat egite aldera etorri dira beste hainbat. Teloiaren atzean dago protagonista, eta ordura arte lasai antzean egon bada ere, urduri jartzen hasi da atzera kontaketan. Publikoari prestatutakoa gustatuko ote zaion pentsatzen hasi da; ea barre algararen bat sorraraztea lortuko ote duen, eta emanaldia amaitzean txalorik entzungo ez duen beldur da. Ausartenek bakarrik izango dituzte galdera horien guztien erantzunak: umoregileek, esaterako.

Asko dira gaztelaniaz bakarrizketak egiten dituztenak, baina azkenaldian indarra hartu dute euskarazkoek ere. Herriz herri saioak eskaintzen hasi dira Euskal Herriko umoregileak. Julen Portillo zarauztarra da saltsa horretan murgilduta dabilen horietako bat. Aurpegi ezaguna da herrian, eta umorearen munduan "ohartu gabe" hasi zela dio: "Nik hautatu gabe, denborak eraman nau oholtza gainera".

Duela zortzi urte inguru Youtube plataformara bideoak igotzen hasi zen; abestu egiten zuen bideo haietan. "Umore ukituko bertsioak" egiten zituen, eta horrela hasi zen ezagutzera ematen han-hemenka. Hainbat kiderekin, Galdedebalde irratsaioa egiten hasi zen orduan, eta Barre librea izeneko telebista saioan parte hartu zuen ondoren. 2022an proiektu berri batean murgildu zen: Algarapola izeneko egitasmoan; Zarauzko Arrano elkartean umoreari lotutako saioak eskaintzen zituen. Duela gutxi, Lauzpabost stand up taldea osatu du, Mikel Irazustarekin, Maria Blancorekin, Iker Plazaolarekin eta Maialen Sorzabalbererekin batera.

Euskal Herrian zerbait berria eta freskoa da bakarrizketen gaia, eta zarauztarrak dio eskaini dituzten saioetan ikusi duela euskal herritarrek umorea "nahi" eta "behar" dutela: "Euskal Herrian, telebistan sortzen den guztia, Wazemank amaitu zenetik, serioa izan da. Ematen du euskaldunok serioak garela, baina guztiz kontrakoa da: jendeak barre egin nahi du, barre egin nahi du bere buruaz, baina, batik bat, besteez".

Ipuinetatik umorera

Umorearen mundura geroago heldu denik ere bada Zarautzen. Gorka Olazabal Paxo, esaterako, duela gutxi hasi da bakarrizketa saioak eskaintzen, nahiz eta oholtza gainean esperientzia handia izan. Apaxi modura ezagutuko dute gehienek, goitizen artistiko hori baitu duela hamahiru urte ipuin kontalari modura lanean hasi zenetik: "Izatez kimikaria naiz, eta lagun batek animatu ninduen kontalari modura zerbait egiten hastera".

Gorka Olazabal 'Apaxi'. (Utzitakoa)
 

Erronka berriak gustatzen zaizkiolako egin zuen umorearekiko apustua, eta COVID-19ak eragindako pandemiaren aurretik egin zuen arloan trebatzen hasteko ikastaro bat.

Bere esperientzia propioetatik abiatutako istorioak kontatzen ditu Olazabalek saioetan; komedia estandar modura ezagutzen dena egiten du, alegia. "Ez dut publikoarekin asko elkar eragiten. Hori egiteko plaza asko behar direla uste dut, oso zaila baita". Publikoak ez ezik, bakarrizketetan agertokiak garrantzi handia duela iritzi dio, eta horregatik, taberna bat liburutegi bat baino nahiago duela aitortu du: "Taberna beti lotu izan dugu ondo pasatzearekin eta lagunekin egotearekin. Pare bat garagardo hartuta, jendeak hobeto erantzuten du. Liburutegiak, alde horretatik, hotzagoak dira".

Erreportajea GUKAsteka Zarauzko astekari digitalean argitaratu zen. GUKAsteka astean behin bidaltzen zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal ditu, eta protagonistak beti dira Zarautz eta zarauztarrak. Egin zaitez harpidedun!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide