Zarauzko 3zur musika taldeak Hil arte bizi EP berria kaleratu du. Sei abestik osatutako sorta da, eta bi kolaboratzailek parte hartu dute bertan: Iker Laurobak eta Marina Manterolak, alegia. Plataforma digitaletan entzun daiteke dagoeneko.
Josu Gonzalezen Noisestudioan grabatu dute lana. Taldekideen esanetan, abestiek "zintzotasuna" transmititzen dute: "Ez dugu artifizio handirik erabiltzen ez grabazioetan, ezta zuzenekoetan ere". Proposamen organikoa da hirukotearena, beraz. Zu maite izateko, Olioa eta ura, Laguna arerioa, Bizi dezagun, Ez da beranduegi eta Bizi berri bat dira EP berria osatzen duten abestiak.
2017an sortu zuten 3zur taldea Iñigo Fachadok, Aitor Manterolak eta Borja Fernandezek, eta pop-rock estiloa dute oinarri beraien abestietan. 2020an Oinharria diskoa kaleratu zuten; 2022an, berriz, Olioa eta ura.