Agur Azpeitia, kaixo Zarautz

Ihintza Elustondo 2024ko urriaren 15a

Kepa Susperregi agurtzeko ekitaldia egin zuten asteburuan Azpeitiko parrokian. (Ihintza Elustondo)

Larunbatean Azpeitiko herritarren agurra jaso zuen Susperregik, eta igandean, berriz, Elizarena. Jokin Lizaso hil ondoren Juan Mari Olaetxeak, Elizbarrutiko bikario nagusi izandakoak, hartu zuen behin-behinean Zarauzko Parrokiaren kargua, eta orain, Azpeitiko Parrokia utzita, Susperregik hartu du bere tokia.

Uztailean jakinarazi zuen Elizbarrutiak iazko irailean hil zen Jokin Lizasoren tokia hartuko zuela Kepa Susperregik Zarauzko Parrokian. Lizaso hil ondoren Juan Mari Olaetxeak, Elizbarrutiko bikario nagusi izandakoak, hartu zuen behin-behinean Zarauzko Parrokiaren kargua, eta orain, Azpeitiko Parrokia utzita, Susperregik hartu du bere tokia.

Asteburuan egin diote agurra Susperregiri Azpeitian, eta bertan argi gelditu da zenbat maite duen Azpeitiak bertako parroko ohia. Ezustean iritsi zitzaion aldaketa 31 urtez Azpeitiko Parrokian aritu den elizgizonari, eta ezusteko handia izan zen albistea azpeitiarrentzat ere. Horren erakusle izan da asteburuan erretoreari egin dioten agurra.

Larunbatean, Parrokiaren bueltako herritarrek antolatuta, elizkizuna egin zuten parrokian, eta, ondoren, bazkari herrikoia izan zen. Bi hitzorduetan jendetza elkartu zen, eta hunkituta agertu ziren herritar asko, baita Susperregi bera ere.

Susperregik berak elizkizuna amaitzean azaldu zuen bazekiela "zerbait" egitekoak zirela, baina ez zuela espero hainbesteko ekitaldirik. Izan ere, meza amaierara iristen ari zela hasi ziren ezohiko ekintzak. Lehenik, Susperregiren lagun batek bertsoak abestu zituen, eta jarraian, oroigarriak eman zizkioten ekitaldia antolatzen aritu zirenek. Segidan, herritarrek erakutsitako gertutasuna eskertzeko, hitz batzuk egin zituen Susperregik. "Eskerrik asko denoi, bihotz-bihotzez", esanez amaitu zuen hitzartzea. Txalo zaparrada luzea jaso zuen, eta elizan bildutako guztiak zutik jarri ziren. Elizkizunaren amaieran, gainera, agurra dantzatu zioten.

Jarraian, bazkaria egin zuten Kiruri jatetxean, eta jendetza bertaratu zen; 400 lagun inguru joan ziren Susperregiren agurreko bazkarira.

Agur eta ongi etorri

Larunbatean herritarren agurra jaso zuen Susperregik, eta igandean, berriz, Elizarena. Izan ere, lekualdatzearen ekitaldi ofiziala igandean egin zuen  parrokian Gipuzkoako Elizbarrutiak. Susperregi Azpeititik agurtzeko eta Jose Ignacio Eguzkitza parroko berriari ongietorria emateko meza izan zen,  Mikel Aranguren bikario nagusiak gidatuta. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide