Landare inbaditzaileak kentzeko auzolana egin dute Iritan

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 13a, 15:30

Adin guztietako herritarrek egin dute bat udalaren deiarekin, eta bertan izan dira Gloria Vazquez Ingurumen zinegotzia eta Ainara Garcia Zarauzko Eraztun Berde-Urdineko teknikaria ere. Oso pozik agertu dira biak, landare inbaditzaileak kentzeko "herritar talde finkoa" sortu delako herrian.

Landare exotiko inbaditzaileek hezeguneen ekosisteman hainbat arrisku sortzen dituzte, eta horregatik, Zarauzko Udala horiek kentzen aritzen da aldian-aldian modu profesionalean. Hori ez da nahikoa, ordea, landare horien zabalpena gelditzeko, eta horregatik, auzolanerako deia ere egiten du urtean data jakin batzuetan. Gaurkoan, esaterako, Iritan elkartu da boluntario talde bat landare jakin batzuk kentzeko: kainaberak eta oenotherak.

Ekintzari buruzko azalpenak ematen eta saioan parte hartzen izan dira Gloria Vazquez Zarauzko Udaleko Ingurumen zinegotzia eta Ainara Garcia Eraztun Berde-Urdineko teknikaria, eta herritar batek jakinarazi du "herritar talde finkoa" ere sortu dela egitasmo horri jarraipena emateko. Hala, esan du nahi duen orok "taldearen ateak zabalik" dituela. Vazquezek eta Garciak beren poza agertu dute talde horren sorreragatik, eta zinegotziak gaineratu du udala "laguntzeko prest" izango dutela. "Behar-beharrezkoa da auzolana, udalak orain gutxi kendu zituelako Iritako landare inbaditzaile guztiak, baina berehala sortzen direlako berriro".

Zinegotzia azalpenak ematen ari zen unean martin arrantzale bat iritsi da hezegunera, eta Vazquezek azaldu du hegazti horretantzat, esaterako, beharrezkoa dela hezegunea egoera onean egotea, eta horrek eskatzen duela ekosistema aberatsa izatea eta bertako landareak egotea. "Horregatik da garrantzitsua landare inbaditzaileak kentzea", esan du.

Aurten auzolanean egin duten hirugarren ekintza izan da gaurkoa: martxoan Igerain errekaren bazterrean zeuden landare batzuk kendu zituzten herritarrekin egindako auzolanean, eta ekain erdialdean, berriz, Vista Alegren aritu ziren crocosmia landareak kentzen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide