Iruñeko hilketa matxista gogor salatu zuten hainbat lagunek atzo arratsaldean Lege Zaharren Enparantzan, Morroxkak taldeak, Bilgune Feministak eta Emakumeen Mundu Martxak deitutako elkarretaratzearekin bat eginez.
20 urte zituen ostegun goizalean hil zuten emakumeak. Poliziaren esanetan, emakumeak eztabaida izan zuen erasotzailearekin, eta jarraian hainbat labankada eman zizkion bularraldean. Ospitalera eraman zuten, eta bertan hil zen.
"Urteak daramatzagu salatzen erasoak ez direla gertaera isolatuak. Indarkeria matxista egungo sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta koloniala sostengatzen duen egiturazko arazo politiko eta sozial larria dela azpimarratu nahi dugu berriz", esan zuen Koordinadora Feministak. Era berean, eraso bakoitzaren atzean maiz "egoera konplexuak" daudela zioen. "Horregatik da garrantzitsua indarkeria matxista lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartzea eta ertz guztiei erreparatzea".