Urtetan eta Vista Alegren egingo dituzte aurrekontuen inguruko bilerak datorren astean

Aritz Mutiozabal 2024ko urr. 12a, 16:30

Auzoz auzo egingo dituzten bileren kartela, Santa Klara kanpoaldean. (Zarauzko Udala)

Auzoz auzoko bilerekin aste honetan hasi da udala, bizilagunen proposamenak jasotzeko. Horrez gain, postontzia erabiliz nahiz telematikoki ekarpenak egin daitezke.

2025eko udal aurrekontuak osatzeko, herritarren proposamenak jasotzen ari da Zarauzko Udala. Herritarrek ideiak helarazteko hainbat aukera dituzte horretarako; batetik, horretarako propio jarri dituzten postontziak erabiliz edota telematikoki;  eta, bestetik, udal ordezkariak auzoz auzo egiten ari diren bileretan.

Momentuz, bi bilera egin dituzte aste honetan –Azken Portu eta Santa Klara auzokideekin eta Itxasmendikoekin–, eta datorrenean beste bi egingo dituzte: urriaren 15ean, asteartean, Urtetan, 20:00etan, auzo elkartean; eta urriaren 17an, ostegunean, Vista Alegre eta Hiruerreketako bizilagunekin, 18:30ean Vista Alegreko auzo elkartean.

Bestalde, postontziak ondorengo tokietan topatuko dituzte herritarrek: Vista Alegre auzo elkartean, Etxezabalan eta Portuetxen, Sanz Enean, Udal Euskaltegian, Azken Portuko Kristau Biltokian, Aritzbatalde kiroldegian eta Iñurritzako auzo elkartean. Telematikoki ekarpenak egin nahi dituztenek, berriz, partehartu@zarautz.eus posta elektronikora idatzi dezakete edo udalaren webguneko Parte hartu atalean sartu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide