Udaltzainen Plan Zuzentzailea onartu zuten udal gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EE alderdietako udal taldeek, iraileko udaleko osoko bilkuran; EH Bilduko ordezkariak, aitzitik, abstenitu egin ziren. Abstentzioaren bidez, "jarrera eraikitzailea" erakutsi nahi izan zuen koalizio subiranistak; izan ere, aurrera begirako erabakietan parte hartu nahi du, "Udaltzaingoaren ereduan zer hobetu handia" dagoela irizten baitiote.
EH Bilduko bozeramaile Itziar Muruak kezkagarritzat jo du, hainbat arrazoirengatik, plan berria "aurrekoaren jarraipen" bezala aurkeztea. "Alde batetik, egora asko aldatu da Eusko Jaurlaritzak Polizia Legearen bidez Udaltzaingoan armak ezartzera behartu duenetik. Eta, bestetik, Zarauzko Udaltzaingoaren gaur egungo ereduaren arazo garrantzitsuak konpontzeko asmo handirik ez duelako agertzen udal gobernuak plan honetan", nabarmendu zuen.
"Herritarrengandik gertu" dagoen eta "prebentzioan oinarri" duen Udaltzaingoa nahi du EH Bilduk, eta "armen erabilerak ez du horretan laguntzen, ezta gaur egungo kontratazio sistemak ere". Ildo horretatik, EAJk defendatzen duen eta plan berrian txertatu duten Arkautiko kontratazio sistema bateratua "guztiz desegokia" dela uste du koalizioak.
Arkautiko sistema bateratuaren bidez kontratu ordez, herrian bertan kontratatzearen aldeko agertu da EH Bildu. Gainera, horrek eragin positiboa izango lukeela uste du udaltzainen egonkortasunean, eta, aldi berean, sendotu egingo luke udaltzainen herriarekiko konpromisoa eta ezagutza, baita euskararen ezagutza ere.