Independentzia aldarrikatuko dute beste urte batez urriaren 12an

Maria Maya Manterola 2024ko urr. 10a, 13:00

Hispanitatearen egunez independentzia aldarrikatzen du Ernaik urtero. (Erran.eus)

Urola Kostako Ernaik deituta, egun osoko egitaraua izango da larunbatean, Hispanitatearen egunez. Zarautzen manifestazioa egingo dute eguerdian, eta gero, Zumaian jarraituko du jaialdiak. 

Hispanitatearen eguna da urriaren 12a. Ospakizun eguna izaten da batzuentzat; konkistarena, genozidioarena eta zapalkuntzarena besteentzat. Ernaik "estatu zapaltzaileen aurka egin", eta independentzia aldarrikatzeko baliatuko du egun hori beste urte batez. 

Urola Kostan egun osoko egitaraua antolatu dute horretarako, Bat eginez eguna eta Elkartasun jaialdia izenburupean. Eguerdi partean, 12:00etan, manifestazioa egingo dute Zarautzen, indar okupatzaileek alde egin dezatela eskatu, eta independentziaren aldeko aldarria lau haizetara zabaltzeko. Gero, Zumaian jarraituko du jaialdiak, Torreberri gaztetxean: bazkaria egingo dute 14:30ean, eta gero, 18:00ak aldera hasiko dira kontzertuak. Pertz, Leherkaitz eta Hauek taldeak igoko dira gaztetxeko oholtza gainera, eta gauerdian, Huegun DJaren emanaldiarekin itxiko dute eguna.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide