Eraberritze lanak amaituta, bihar zabalduko dute kiroldegiko igerileku berria

Intza Trula 2024ko urr. 9a, 17:00

Iban San Martin Obren zinegotzia eta Inaxio Illarramendi Kirol zinegotzia kiroldegi handiaren aurrean. (Zarauzko Udala)

Uztaila amaieran hasi zituzten Aritzbataldeko igerileku handia berritzeko lanak, eta itxita egon da ordutik. Guztira, 270.084,10 euroko kostua (BEZ barne) izan dute lanek.

Uztailaz geroztik itxita egon den Aritzbatalde kiroldegiko igerileku handia zabalduko dute bihar. Hilabete hauetan, hain justu, igerilekuaren barruko zorua eta hormak berritu dituzte. Era berean, igerilekuko ura kudeatzen duen araztegiaren instalazioak aldatu dituzte.

Igerileku handia 2008. urtean berritu zen azkenekoz, eta azken urteotan esku-hartze txikiak egin badira ere, instalazioaren egiturak izan dituen kalteak konpondu eta uraren erabilera jasangarria izan dadin, aurten, udalak igerilekuak behar duen konponketa orokorrean inbertsioa egitea erabaki zuen. Igerileku handia eraberritzeko obrek, guztira, 270.084,10 euroko kostua (BEZ barne) izan dute.

Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziaren esanetan, “udal instalazio erabilienetako bat berritu du udalak, hainbat urtez egoera onean erabili ahal izateko".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide