486 familia artatu ditu iaz Caritasek Urola Kosta eskualdean

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 9a, 15:00

Iaz Urola Kosta eskualdean artatu zituzten familien eta laguntzaren bat jaso zuten pertsonen inguruko datuak eman ditu Caritasek.

2023. urteko memoria eman du aditzera Gipuzkoako Caritasek. Bertan, iaz lurralde osoan laguntza jaso zuten familien eta pertsonen inguruko datuak eman ditu elkarteak, baita dirua zer kontzeptutan erabili dituzten ere. 

Urola Kosta eskualdeari dagokionez, 486 familia artatu zituzten guztira. 671 pertsona izan ziren laguntzaren onuradunak. Horietatik %57 emakumeak izan ziren eta %43 gizonak. Aipagarria da laguntza jaso zuten pertsonen %61ek 44 urte baino gutxiago zituztela. 

Guztira, Caritasek eskutan dituen datuen arabera, 40.414 euro erabili zituzten iaz familientzako zuzeneko dirulaguntzetan. Zati handi bat, %70, etxebizitzarekin zerikusia duten gastuak finantzatzeko erabili zituzten, %17 oinarrizko behar materialak asetzeko eta beste %13 bestelako laguntzetan. 

Boluntarioek egindako lana ere eskertu nahi izan du elkarteak. Hala, eskualde mailan 59 boluntariok aritu direla lanean informazu du Caritasen Gipuzkoako ordezkaritzak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide