Surflariek makina bat ordu igarotzen dute uretan olatu ona iritsi zain, eta iristen denean, ahal duten gehien aprobetxatzen dute. Horixe egin nahi du Keoni Lasa Iturainek (Zarautz, 2005): olatu ona hartu du, eta ahal duen gehien aprobetxatu nahi du. Sari handia lortzekotan da: Challenger Series zirkuituan aritzea, surfaren bigarren mailan.
Bideratua du sailkapena. "Lehena naiz Sailkapen Series zirkuituko Europako surflarien artean, eta aurreneko zazpiak ariko dira Challenger Seriesen. Bi proba besterik ez da falta jokatzeko. Oso gertu dut», azaldu du.
Duela hiru aste egin zuen urrats ia erabakigarria. Angelun (Lapurdi) jokatutako proba irabazi zuen. Oraindik ez du ahaztu han bizitakoa. "Sekulakoa izan zen: etxean eta etxekoen aurrean irabazi nuen. Asko eta ondo prestatu nuen proba, eta horren saria jaso nuen. Gainera, lagunekin igo nintzen podiumera [bigarren sailkatu zen Adur Amatriain zarauztarra, eta hirugarren Yago Dominguez sopeloztarra]".
Ez zen kasualitatea izan euskal surflariak horren ondo aritzea. "Baldintza zailetan aritu ginen, olatuak oso txikiak baitziren. Baina Euskal Herrian ohituta gaude olatu horietan aritzera. Olatu ona hartzea da gakoa, eta nik, zorionez, ona hartu nuen, eta probetxua atera nion".
Garrantzi handia eman dio garaipen horri: "Nire kirol ibilbideko lorpenik handiena da. Sailkapen Series zirkuituko proba garrantzitsuenetakoa da: 3.000 puntu balio du. Nik mila lortu nituen. Asko da hori".
Erreportajea osori irakur daiteke Berria.eus atari digitalean.