Atzo, igandea, ospatu ziren Kilometroak Azpeitian, Ikasberri ikastolak antolatuta. Kilometroen urtean hiru ardatz izan dituzte oinarri antolatzaileek: euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omendu zituzten atzo festa egunaren antolatzaileek: "Pailazoek hiru ardatz horiek eta beste hainbat balio bultzatzen eta sustatzen ia lau hamarkada daramatzate, eta egiten duten lan hori aitortu nahi diegu".
Pailazoek hunkituta jaso zuten omenaldia, eta jasotako aitortza Josu Txapartegi Txapas zarauztarrarekin elkarbanatu nahi izan zuten, bere ibilbidean bidelagun izan dutelako. Hala adierazi zuen Porrotxek: "Zarauzko ikastolan irakasle izandakoa da Txapas, eta oraindik ere ikastolara joan ohi da ikasleekin abestera". Manolo Urbieta zena ere gogoratu zuten pailazoek.
Omenaldia Epo itai tai ye kantua abestuz eta dantzatuz bukatu zuten. Kilometroen hasiera ekitaldian izan ziren erakundeetako politikoak eta gainontzeko guztiak ere kantuan eta dantzan jarriz.
(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)