Izeta VI.a Euskal Herriko Txapelketako finalera sailkatu da

Julene Sorarrain 2024ko urr. 7a, 15:00

Izeta VI, Etxeberria, Basozabal, Gabirondo, Ezpeleta eta Vicente Euskal Herriko Txapelketan. (Ondikol)

Urriaren 27an Gasteizko Iradier Arenan jokatuko den aizkorako final handian lehiatuko da lehen aldiz.

Aizkorako Lehen Mailako Euskal Herriko Txapelketako kanporaketa jokatu zuten larunbatean Donezteben (Nafarroa). Izan ere, sei sailkatuetatik bost Euskadiko Herri Kirol Federazioak antolatzen duen txapelketako finalean izan ziren iaz. Iker Vicente nafarrak eskuratu zuen jardunaldiko denborarik onena; 18:11 minutuko markarekin sailkatu zen. Jarraian izan zituen Hodei Ezpeleta, Julen Gabirondo, Jokin Urretabizkaia eta Joxean Etxeberria. Izetak horiek izango ditu aurkari finalean. Aiarra seigarren postuan sailkatu zen, 21:32 minutuko denborarekin. 

Andoni Iruretagoiena Izeta VI .ak Euskal Pentatloia Txapelketa lau aldiz irabazi du, eta aizkorako kanporaketan sailkatuta, beste aurrerapauso bat eman du aizkolari gisa. Urriaren 27an Gasteizko Iradier Arenan jokatuko den final handian lehiatuko da lehen aldiz.

Partaideek 54 hazbeteko bi enbor, 60ko beste bi eta 72ko bi enbor gainditu behar izan zituzten guztira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide