'Go!azen' eta 'Desagertuta' telesailetan parte hartu du Julen Taboadak

Intza Trula 2024ko urr. 7a, 13:00

Julen Taboada, goiko ilaran ezkerretik hasi eta bigarrena, 'Go!azen' telesaileko hamaikagarren denboraldian. (EITB)

Go!azen telesaileko hamaikagarren denboraldiko aurpegi berrietako bat da aktore zarauztarra. Era berean, Primeran eta Netflix plataformetan emango duten Desagertuta telesaileko aktoreetako bat da.

Julen Taboada aktore zarauztarrak bi proiektu berri grabatu ditu: hain justu ere, Go!azen telesaileko hamaikagarren denboraldiko lagun berritako bat da, eta Desagertuta telesailean ere parte hartu du.

Go!azen telesaileko hamaikagarren edizioak ohiko osagaiak izango ditu: abenturak, maitasuna, adiskidetasuna, ezin ikusiak eta umorea, besteak beste. Hori guztia, euskal musikaz josita egongo da. Aurten, Maitane izango da Basakabiko zuzendaria. Ilusioz jasoko ditu ikasle berriak, baina ikasleen artean berehala sortuko dira gatazkak eta ez du uda erraza izango.

Desagertuta telesailak, berriz, Jonen desagertze misteriotsua kontatzen du. Lagunekin mendian gau bat igaro ondoren desagertu egiten da Jon, eta minutu batzuk lehenago bere sare sozialetan argitaratu zuen bideo kezkagarri bat uzten du arrasto bakar gisa. Zortzi kapituluz osatutako lana da, eta Primeran nahiz Netflixe plataformetan ikusi ahal izango da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide