Bihar zabalduko dute udal aurrekontuetarako proposamenak aurkezteko aukera

Intza Trula 2024ko urr. 6a, 10:00

GarbiƱe Oiarbide Partaidetza zinegotzia ekarpenak egiteko postontziaren ondoan. (Zarauzko Udala)

Era berean, bihartik hasi eta urriaren 28ra bitartean egingo ditu udalak auzoetako bilerak, ideiak lehenengo pertsonan jasotzeko asmoz. Postontzia erabiliz nahiz telematikoki ekarpenak egiteko epea hilaren 31n amaituko da.

Azken urteetan egin duen moduan, Zarauzko Udalak aurten ere herritarren proposamenak jaso nahi ditu 2025eko udal aurrekontuak osatzeko. Hori hala, bihartik hasi eta hilaren 31ra bitartean izango dute herritarrek ideiak helarazteko aukera, postontziak erabiliz edota telematikoki. Halaber, bihartik hasi eta urriaren 28ra bitartean udalak auzoko bilerak egingo ditu, "gauzatutako proiektuen inguruko iritziak jasotzeko eta zarauztarren beharrak eta ekarpenak bertatik bertara entzuteko".

Garbiñe Oiarbide Partaidetza zinegotziaren esanetan, "bilerek auzotarren kezka eta beharrak bertatik bertara entzuteko aukera ematen dute". Halaber, dinamika horrek "auzotarrengana gerturatzeko aukera" ematen diela ere gehitu du zinegotziak: "Herritarrak egoera horretan erosoago sentitzen direla iruditzen zaigu eta era informalago batean harremanetan jartzeko modu honen bidez beste era batera proposamenak egitera animatzen ez diren herritarrengana iristen gara”.

Honakoa da auzoko bileren egutegia:

  • Urriak 7: Azken Portu eta Santa Klara auzokoentzat, 18:30ean, Santa Klarako erabilera anitzeko aretoan.
  • Urriak 10: Itxasmendi auzokoentzat, 18:30ean, Itxasmendiko Auzo Elkartean.
  • Urriak 15: Urteta auzokoentzat, 20:00etan, Urtetako Elkartean.
  • Urriak 17: Vista Alegre eta Hiruerreketa auzokoentzat, 18:30ean Vista Alegreko Auzo Elkartean.
  • Urriak 22: Iñurritza, Mendilauta eta Talaimendi auzokoentzat, 18:30ean Iñurritzako Jubilatuen Elkarteko goiko solairuan.
  • Urriak 24: Zelai Ondo, Aritzbatalde, Mitxelena eta Salberdin auzokoentzat, 18:30ean Aritzbatalde Kiroldegiko 8.aretoan (sarrera Araba kaletik).
  • Urriak 28: Alde Zaharra eta Salbide auzokoentza, 18:30ean. Portuetxeko Pleno Aretoan.

Postontziak, berriz, honako puntuetan jarriko dituzte: Vista Alegre auzo elkartean, Etxezabalan eta Portuetxen, Sanz Enean, Udal Euskaltegian, Azken Portuko Kristau Biltokian, Aritzbatalde kiroldegian eta Iñurritzako auzo elkartean. Telematikoki ekarpenak egin nahi dituztenek partehartu@zarautz.eus helbidera idatziz edota udalaren webguneko Parte hartu atalean egin ditzakete.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide