Kantu bazkaria antolatu du bigarren urtez Zirika elkarteak

Aritz Mutiozabal 2024ko urr. 3a, 09:00

Zirikaren iazko kantu bazkaria. (utzitakoa)

Azaroaren 9an egingo dute Santa Barbara jatetxean, Agosti eta Barrena musikariak lagun dituztela. Txartelak urriaren 11n jarriko dituzte salgai.

Zirika euskara elkarteak kantu bazkaria antolatu du aurten ere, iazko arrakastaren ondoren. Azaroaren 9an jarri dute hitzordua, Santa Barbara jatetxean, 14:30ean hasita. Otordua Agosti eta Barrena bikote zarauztarrak girotuko du.

Menuaren zenbatekoa 30 eurokoa da, eta bertan sartzen dira entsalada mistoa, ajoarriero bakailaoa, txerri-masailak saltsan, postrea, etxeko ardoa eta kafea. Begetarianoentzat, beganoentzat edota janariren bati alergia diotenentzat alternatibak ere egongo dira, baina hori sarrera erosterakoak adierazi beharko da.

Urriaren 11n jarriko dituzte salgai bazkarirako txartelak, 18:00etatik aurrera, eta horretarako bi modu izango ditu herritarrak: bata, Zirikaren bulegora bertaratzea, 18:00etatik  20:00etara, eta, bestea, online bidez, horretarako propio sortu duten web orria beteta.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide