Foru Aldundiko Mugikortasun zuzendari izendatu dute Fernando Prieto

Julene Frantzesena 2024ko urr. 2a, 14:30

Prieto. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Aldundiak hiru zuzendari izendatu berri ditu PSE-EEren eskuetan dauden sailetan, eta zuzendari berri horietako bat da Zarauzko bizilaguna. Prieto errioxarra da jaiotzez, baina Zarautzen bizi da, eta ibilbide luzea du eraikuntzaren eta herrilanen kudeaketan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun zuzendari izendatu berri dute Fernando Prieto Zarauzko bizilaguna. Aldundiak hiru zuzendari berri izendatu ditu -Prietoz gain, Ernesto Martinez de Cabredo azkoitiarra eta Libe Otegi izendatu dituzte-, hain zuzen ere, PSE-EEren eskuetan dauden sailetan. Aldundiak ohar bidez azaldu duenez, bere "azpiegiturak modernizatzeko eta turismo jasangarria bultzatzeko" duen konpromisoa indartzeko egin ditu izendapenak.

Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiordeak gauzatu berri dituzten izendapenen garrantzia nabarmendu du: "Gipuzkoa jasangarriago eta konektatu baterako bidea hasita dago, eta Fernando Prieto, Libe Otegi eta Ernesto Martinez de Cabredo beren karguetan sartzea urrats garrantzitsua da mugikortasunean, turismoan eta obra hidraulikoetan proiektu estrategikoak bultzatzeko. Beren esperientziarekin eta dedikazioarekin, gure ekimenak indartzen lagunduko dute, gure herritarren beharrei erantzungo dien Gipuzkoa lortzeko".

Prieto errioxarra da jaiotzez, baina Zarautzen bizi da, eta ibilbide luzea du eraikuntzaren eta herrilanen kudeaketan; 24 urtez aritu da Amenabar eta Farco eraikuntza enpresetan. Gainera, uraren kudeaketari eta tokiko politika publikoei lotutako hainbat erakundetan parte hartu du. Obra Hidraulikoen zuzendaria izan da oraintsu arte, eta aurrerantzean Mugikortasun zuzendaria izango da. Ikasketaz eraikuntzako eta obren ekonomiako aparejadorea da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide