Donosti Motards elkartearen XI. urteurrena ospatuko dute larunbatean Itxasmendi auzoan, eta egun osorako egitaraua prestatu dute helduentzat nahiz gazteentzat. Donosti Motards Donostiako motozale taldea da, eta asteburuetan biltzea gustatzen zaie, ibilaldiak egiteko eta beste herrietako motozaleak ezagutzeko.
Goizean goiz ekingo diote ospakizunari. Ekintzetan parte hartu nahi duen orok izena ematera gerturatu beharko du 10:00etan Itxasmendira. Parte hartzaileei gosaria eta ongietorri oparia emango dizkiete.
Moto ibilaldia 11:00etan hasiko dute, eta 12:00ak aldera geldialdia egingo dute pintxo bat jateko. Ibilbidea amaitu ostean, bazkaria eskainiko diete parte hartu dutenei, 14:00etan.
Arratsaldean ere izango da ekintzarik; hain zuzen ere, haurrentzako moto txikiak jarriko dituzte, baita hainbat jolas ere. Jarraian, 17:00etan, motoen ikuskizuna edo Trial Show-a egingo dute, Itxasmendiko pistan. Ikuskizuna amaitzean, egunari amaiera emateko, garaikurrak banatuko dituzte eta sarien zozketa egingo dute.
Ospakizunean parte hartzeko, 30 euro ordaindu beharko dira; hori bai, 150 sarrera soilik salduko dituztela jakinarazi dute. Izen ematearen barruan, ongietorri oparia, gosaria, pintxoa, bazkaria eta zozketa sartzen dira.