Uda garaia atzean utzita, Zarauzko Udalak aurtengo denboraldiaren balorazioa egin du: segurtasunari dagokionez, esaterako, uda "bikaina" izan dela azpimarratu du.
Hondartza denboraldia ekaina hasierara aurreratu dute aurten ere, eta erabaki horren garrantziaz hitz egin du Iban San Martin Zerbitzuen zinegotziak: "Uste dugu erabakia positiboa dela ekaineko lehen egunetan zarauztarrek hondartzaz seguru eta zerbitzu guztiak eskura izanda gozatu dezaten”. Orokorrean, uda "bikaina" izan dela gehitu du, "ez baita arazo aipagarririk izan ez bainularien segurtasunari ezta inguruko gertaerei dagokienez”.
BPXport enpresaren eskutik, 73 pertsonak egin dute lan uda honetan Zarauzko hondartzako sorospen zerbitzuan –67 langile izan ziren iaz–, eta 242 esku hartze egin dituzte –205 esku hartze egin zituzten iaz–. Uretan egindako erreskateei dagokienez, 126 salbamendu lan egin dituzte – 140 egin zituzten iaz–. Era berean, sorospen zerbitzuak bainu egokitua eskaini du, eta guztira lau lagun izan dira zerbitzua erabili dutenak.
Hondartzako denboraldia eta sorospen zerbitzua amaituta, udalak herritarrei esan die uretan "tentuz" jokatzeko, eta itsasoko korronteekin kontuz ibiltzeko.