Oier Aizpurua laugarren sailkatu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako Hondarribiko saioan

Ane Olaizola 2024ko urr. 1a, 11:00

Aizpurua, artxiboko irudi batean. (Guka)

Saio horretako irabazlea, berriz, Eneritz Artetxe azkoitiarra izan zen, eta Aizpuruak 445 puntu lortu zituen. 

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bosgarren final zortzirena jokatu zuten pasa den larunbatean Hondarribiko Itsas Etxean, eta laugarren sailkatu zen Oier Aizpurua zarauztarra. Eneritz Artetxek irabazi zuen saioa, 482,5 puntu lortuta. Horrenbestez, azkoitiarra zuzenean sailkatu da final laurdenetara, eta urriaren 27an Irunen izango den saioan kantatuko du hark. 

Aretoa beteta zela abestu zuen Aizpuruak larunbatean Hondarribian, honako beste bost bertsolari hauekin batera: Eneritz Artetxe, Ane Beloki, Aratz Igartzabal, Maddi Aiestaran eta Unai Gaztelumendi. Lan puntuagarriak amaituta, azkoitiarra izan zen puntu gehien eskuratu zituena, eta haren atzetik, honela geratu zen sailkapena: Aratz Igartzabal (478), Unai Gaztelumendi (464,5), Oier Aizpurua (445), Maddi Aiestaran (444,5) eta Ane Beloki (419,5). 

Guztira, hiru finalaurreko jokatuko dituzte azaroaren 17tik aurrera, eta horietako bat Zarautzen izango da, azaroaren 24an. Saio horretan, Eibarko eta Azkoitiko irabazleak, eta puntuazioz laugarren, zazpigarren, hamargarren eta hamahirugarren sailkatzen direnak lehiatuko dira. Saio guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide