Urtero bezala, aurten ere Mario Onaindia saria banatu dute eta, kasu honetan, Genoveva Gastaminza kazetariarentzat izan da. Atzo eguardian egin zuten ekitaldian, aurpegi ezagunak ikus zitezkeen, besteak beste, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusia, Jesus Eguiguren legebiltzarkide ohia eta Ramon Jauregi europarlamentari ohia. Herriko PSE-EE alderdiko kideak ere bertan izan ziren.
Hamalaugarren edizioko sariketa Gastaminzari zuzendutako hitz ederrez betea egon zen. Luis Aizpeolea kazetariak eta Esozi Leturiondo Onaindiaren alargunak behin eta berriz azpimarratu nahi izan zuten Gastaminzaren profesionaltasuna, "baita ETAren indarkeriaren momentu garaienetan" erakutsitakoa ere. "Izugarri konprometituta egon zinen garai zailenetan demokraziarekin, eta horregatik merezi duzu hainbeste sari hau", gehitu zuten hizlariek. Felipe Juaristik ere poema bat idatzi zion kazetariai.
Hitz horiek kazetari donostiarraren malkoak eragin zituzten, eta oso hunkituta jaso zuen saria Gastaminzak. Hunkituta egoteaz gain, ordea, "oso eskertuta" zegoela ere azaldu zuen, eta gehitu zuen "garai gogorrak" bizi izan arren, bera beti egon dela kazetaritza "aske eta demokratiko" baten alde. "Nik beti esan izan dut gure artean euskara eta gaztelania hitz egiteaz gain, isiltasunaren hizkuntza ere existitu izan dela. Nik hori ez nuen nahi, eta horren kontra lan egiten saiatu naiz urte guzti hauetan", azaldu zuen.