Duatloi formatuan izanda ere, partaideak oso pozik

Aritz Mutiozabal 2024ko ira. 29a, 10:00

Itsaso zakarra zegoela medio, Bikote Mistoen III. Triatloiari igeriketako zatia kendu zuten, eta duatloi izaera eman zioten proba. Eguraldi ona izan zuten alde, eta herritarren animoekin, bikote parte hartzaileek gustura osatu zuten zirkuitua.

Itsasoaren egoera txarrak hala behartuta, Nik Tri triatloi taldeak moldaketak egin zizkion atzo bertan Bikote Mistoen Triatloi proba herrikoiari, partaideen segurtasuna bermatzeko. Hori dela eta, igeriketako zatia kentzeko eta proba duatloi bihurtzeko erabakia hartu zuten, hura jokatu baino ordu batzuk lehenago. Modalitate aldaketak, ordea, ez zituen 250 bikoteen parte hartzeko ilusioak eta gogoak inolaz ere zapuztu.

Irteera Munoa azpitik egin zuten, 20 bikoteko multzotan banatuta, eta modu txandakatuan, 30 segundoko tartearekin. Malekoian joan-etorria egin zuten herritarren animoen eta txaloen laguntzarekin, eta segidan, Munoa plazako box eremuan bizikleta hartuta, Getariarantz abiatu ziren. Auzoko herriaren hasieran dagoen Iturritxikin itzulia emanda, Munoara itzuli ziren, eta atzera malekoian joan-etorria eginez, Duke Enea parean helmugaratu ziren.

Lehen sailkatuak triatloian aritzen diren jendea izan zen, baina, orokorrean, parte hartzaile gehienak bestelako motibazio eta erronkak izan zituzten atzokoan. Esaterako, estreinako triatloi-duatloi bat korritzea, familiako kide baten konpainian egitea, lagun artean irtetea edota kirolaz gozatzea. Azken finean, antolatzaileek kirol ekitaldi honekin lortu nahi dutena da jendea triatloira gerturatzea eta kirol hirukoitz hori ezagutzea. Horregatik, proba honetan ez dago lehiarik, ezta saririk lehen sailkatuentzat.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide