Asteazkenean bilkura izan zen Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta beste gai batzuen artean, EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen hondartzetako sorospen zerbitzuen gaiaz. Ohar bidez, koalizioak gogorarazi du iaz Batzar Nagusien gehiengoak –EH Bildu, Ahal Dugu eta PPren botoei esker– eskaera zehatza egin ziola Gipuzkoako Foru Aldundiari, horrek bere gain har zezan hondartzen kudeaketa integrala, eta gai horretan aurrerapausorik egon ez denez, asteazkenean eskaera bera onartu zutela Batzar Nagusietan, oraingoan ere hiru alderdi horien botoekin.
"Ikusirik Gipuzkoako Foru Aldundia kudeatzen duten bi alderdiek, EAJ eta PSE, Batzar Nagusiek gehiengoz egindako eskaera betetzeko urratsik eman ez dutela, Gipuzkoako EH Bilduk mozio berri bat aurkeztu du: urtea amaitu baino lehen hondartzen kudeaketa integrala bere gain hartu ez badu, Gipuzkoako Batzar Nagusien mandatua bete eta 25.000 biztanle baino gutxiago dituzten herriei diru-laguntza handitzea, zerbitzu horiek dakarten kostua estali arte", zehaztu du koalizioak ohar bidez.
EH Bilduren ustez, "aldundiak gehiengoaren mandatua errespetatu beharko luke, eta sorospen zerbitzuaren aferari behingoz irtenbidea eman. Urte hauetan guztietan Bizkaiako hondartzetan ikusi den bezala, aldundiak sorospen zerbitzua bere gain hartzeak zerbitzuaren kalitatean zuzen-zuzenean eragingo luke, baita langileen lan baldintzen hobekuntzan ere".
Eskaera horrekin bat egin zuten iaz Getariako, Orioko eta Zumaiako alkateek, eta Haritz Alberdi Getariako alkatea bera izan zen azalpenak ematen Batzar Nagusietan.