Txiki eta harekin fusilatutakoak gogora ekarri dituzte

Erredakzioa 2024ko ira. 27a, 14:30

Urtero legez, Gudari Egunean, Txikiren hilobiaren aurrean egin dute omenaldia. Dozenaka lagun, senitarteko eta herritar izan dira bertan.

Omenaldi beroa jaso dute beste urte batez, Gudari Egunean, Juan Paredes Manot Txiki  zarauztarrak, Angel Otaegi azpeitiarrak eta FRAPeko Jose Humberto Baenak, Jose Luis Sanchez Bravok eta Ramon Garcia Sanzek. 49 urte dira Francoren erregimenak fusilatu zituenetik, eta gaur eguerdian, dozenaka lagun elkartu dira Zarauzko hilerrian, Txikiren hilobiaren aurrean, aipatu bostak omentzeko.

Era berean, aurten zendu den Txikiren ama Antonia Manot ere gogoan izan dute ekitaldian. Baita Xenki, Piru eta Tapi ere; izan ere, haien argazkiak ere jarri dituzte hilobiaren gainean, krabelin gorriekin.

Omenaldia hasi berritan, Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kide Martxelo Alvarezek hartu du hitza. Hark gogoratu du faxismoaren aurkako borrokan izan zuten parte hartzeagatik fusilatu zituztela gaur gogoan izan dituzten bost lagunak, eta haien memoria aldarrikatu nahi izan du.

Jarraian, Eusebio Lasartek espresuki gaurko prestatutako bertsoa eskaini dio Txikiri, eta aurreskua ere eskaini diote. Lagun talde batek, berriz, abestuz oroitu du zarauztarra. Amaieran, ohi bezala, Eusko Gudariak abestia kantatu dute guztiek elkarrekin.

Bertaratu direnen artean, besteak beste, bertan izan dira EH Bilduren Espainiako Kongresuko bozemaile Mertxe Aizpurua, Zarauzko EH Bilduko zinegotzi Eider Illarramendi eta Pili Etxabe.

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea eta Intza Trula)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide