Alaine Agirre bermeotarrak irabazi du 43. Lizardi Saria, Euri eta ateri lanari esker. Gisa horretan, duela bederatzi urte lortutako literatura saria bigarrenez berretsi du: idazle bizkaitarrak 33. edizioan irabazi zuen estreinakoz Hau ez da zoo bat kontakizunarekin.
Yolanda Arrieta eta Nerea Loiola idazleek eta Amaia Serrano EHUko irakasleak osatu dute aurten epaimahaia, eta aurten, guztira, 21 lan aurkeztu dira sariketara. Epaimahaikideen esanetan, Euri eta ateri narrazio irabazleak "lehen esalditik harrapatzen du irakurlea". Istorioak gain eginda dagoen pertsonaia baten ezinegona kontatzen du, baina dramatismorik gabe, "umorea eta ironia bidelagun hartuta, dotore, fin eta trebe".
Haien iritziz, hizkuntza maila paregabea erakusten du idazleak, literaturarekin jokatuz, eta, era berean, erritmo bizia du kontakizunak; hala, "narratzaileak aise darama irakurlea bizipen batetik bestera, saltoka eta itzulipurdika, etenik gabeko jolasean". Haurrei zuzendutako lana bada ere, "hainbat geruza" dituela zehaztu dute: "Horregatik esan dezakegu Euri eta ateri lanak agerian jartzen dituela Haur Literaturari dagozkion duintasuna eta maila gorena”.
Idazleak 5.500 euro jasoko saria jasoko du, eta liburua ilustratzeko aukeratzen duen ilustratzaileari 1.000 euroko dio Zarauzko Udalak. Sari banaketa ekitaldia 2025eko apirilaren 2an egingo dute Modelo aretoan, Haur Literaturaren Nazioarteko Egunean, eta bertan aurkeztuko dute liburua.