Bat eginik jarraitzeko sustraiak

Intza Trula 2024ko ira. 28a, 11:00

Irantzu Lekue artista, Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotzia eta BeƱat Benitez Itxaropen Telefonoko ordezkaria 'Maitatzearen artea' erakusketaren aurkezpenean. (Intza Trula)

Maitatzearen artea izeneko erakusketa zabalduko dute urriaren 4an Merkatu Plazako lehen solairuan. Zarauzko Udalak Gipuzkoako Itxaron Telefonoarekin lankidetzan egin du lana.

Maitatzearen artea erakusketa ibiltaria zabalduko dute urriaren 4an Merkatu Plazako lehen solairuan, eta hilaren 13ra arte egongo da ikusgai. Gipuzkoako Itxaropen Telefonoak Zarauzko Udalarekin lankidetzan prestatu du proiektua, eta Irantzu Lekue artistak borobildu du lana.

Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotziak azaldu duenez, proiektuaren helburua da "giza harremanei eta lotura afektiboei balioa ematea, ikusaraztea eta horiei buruz hausnartzea". Hiru metroko zuhaitz bat da protagonista, eta mezuz betetako bihotz formako hostoek janzten dute hura. Lekueren esanetan, "zuhaitzak sustraien bitartez elkar laguntzen dira" eta metafora hori helarazi nahi diete herritarrei.

Erakusketa ibiltaria da; hau da, hainbat herritan egon da jada, eta bertako herritarren parte hartzearekin apurka-apurka hostoz bete da: orain, ordea, zarauztarren txanda da.

Hori hala, zuhaitzak loratzen jarrai dezan, herritar oro animatu du udalak parte hartzera; horretarako, zuhaitzean jartzeko hostoak eskuragarri dituzte Turismo Bulegoan eta Udaberri Jubilatuen Elkartean. Azken emaitza urriaren 4tik 13ra bitartean bisitatu ahal izango da Merkatu Plazako lehen solairuan, honako ordutegian: astelehenetik ostiralera 17:00etatik 19:30era, eta larunbatetan eta igandeetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide