Bi urtez itxita egon ondoren, Zarautz Hileta Zerbitzuak Araba kaleko beilatokia berriz zabaldu dute, eta atzo goizean irekiera ekitaldia egin zuten berritutako instalazioak ezagutzera emateko. Bertan izan ziren enpresaren arduradunak eta Zarauzko Udaleko ordezkariak, hots, Xabier Txurruka alkatea eta Iban San Martin zinegotzia. Eraikinak betiko tokian jarraitzen du, baina instalazioak goitik behera eraberritu dituzte: mimo osoz egokitutako eta intimitatean egon ahal izateko bi egongela atondu dituzte, bata behean eta bigarrena lehen solairuan; eta bigarren solairuan, gainera, azken agurrak egiteko edo hileta zibilak egiteko gela bat ezarri dute. Horrez gain, maskotek sarrera baimenduta izango dute.
Zarautz Hileta Zerbitzuak beilatokiak 30 urte baino gehiagoko esperientzia du hileten sektorean, eta enpresa erabat gipuzkoarra da; Zarauzko Udalak partea du bertan, gainera. Victor Gonzalez baltsamatzaileak zuzenduko du zerbitzua, tanatopraxiako azken teknikekin. "Heriotzarekin ez da jolastu behar, eta gure asmoa da zerbitzu ona ematea, prezio egokian", azaldu zuten enpresaren arduradunek.
Gonzalezek jakitera eman zuen 41 urte daramatzatela negozioarekin; haren aitak abiatu zuen Usurbilen (Gipuzkoa), eta ondoren hark hartu zuen lekukoa, 2010etik aurrera. "Familia enpresa gara, eta tratu hori ematen diegu geure bezeroei".
"Etika osoz"
"Gure lan egiteko modua apur bat ezberdina da. Tanatopraxia praktikatzen dugu, eta, beraz, ez dugu gorpua makillatu behar, ezta hoztu ere. Beraz, beste era batera aurkezten dugu, non jendeak ukitu nahiz musuka dezakeen", zehaztu zuen Gonzalezek. Hori bai, egiten duten guztia "etika osoz" egiten dutela esan zuen.
Alkatearen hitzetan, "zarauztarrentzat ona da aukeratzeko bide ezberdinak" edukitzea, eta uste du "zerbitzu guztiei" aplika dakiekeela hori. "Batek bakarrik duenean aukera zerbitzu jakin bat eskaintzeko, herritarra mugatuta dago, eta alderatzeko aukera izatea positiboa da harentzat". Zarautz Hileta Zerbitzuak sortu zutenetik du partea bertan Zarauzko Udalak; erakundeak enpresan %10eko parte hartzea du, eta gainerako %90, berriz, jabe berrien esku dago.
Zarauzko Udalak betidanik parte hori berea izan duela eta berdin jarraitzen duela gogora ekarri zuen Txurrukak. "Azken bi urteetan itxita egon da beilatokia, enpresaren beste %90 partaide berriek erosteko akordioa gauzatu den arte".