250 bikotek gozatuko dute larunbatean Bikote Mistoen Triatloian

Aritz Mutiozabal 2024ko ira. 26a, 17:45

Bikote mistoen triatloiaren aurkezpena malekoian. (Nik Tri)

Nik Tri triatloi elkarteak antolatuta, hirugarren urtez egingo dute lehiarik gabeko kirol proba.16:00etan hasiko da eta festa bat izatea nahi dute antolatzaileek.

Larunbat arratsaldean jokatuko dute hirugarren urtez Bikote Mistoen Triatloi Herrikoia, Nik Tri triatloi elkarteak antolatuta. Sailkapenik eta izaera lehiakorrik ez duen binakako proba da, parte hartzea lehenesten duena eta triatloia lehen aldiz egiteko aproposa. Aurtengoan ere arrakasta itzela izan du izen emateak: 250 bikotek hartuko dute parte –abuzturako beteta zegoen parte hartze muga–; 58 bikoteko itxaron zerrenda dute antolatzaileek.

Irteerak modu mailakatuan egingo dituzte, hamar bikoteko multzoetan, pilaketak saihestu eta partaideek estutasunik gabe igeriketako saioari lasai ekiteko. Lehen multzoa 16.00etan irtengo da moilatik hondartza igeri egiteko, eta minutu bateko tartearekin uretaratuko dira txandaka-txandaka gainerako taldeak. Ondoren, bizikleta hartu eta N-634 errepidean Getariarantz hartuko dute; Iturritxikin buelta eman eta Munoara itzuliko dira. Bukatzeko, malekoitik Argiñanora joan-etorria korrika eginez, Duke Enean helmugaratuko dira. 

Hainbat tokitatik etorriko dira proban parte hartzera, baina gehiengoa gipuzkoarra izango da. Adibidez, irteera hartuko duten 80 bikote zarauztarrak dira, partaide guztien % 30a baino gehiago.

Festa giroa

Zailtasunik gabeko ibilbidea dela adierazi dute antolatzaileek, eta sektore bakoitzeko distantziak laburrak direla. Ezaugarri horiek kontuan izanda, lagun, bikote eta familiarteko proba bilakatzen dute, eta bide ematen dute festa giroa nagusitzeko. Hori horrela, antolatzaileek triatloiaren festaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak. Helmuga gunean, gainera, ikusleentzat eta partaideentzat parrilla jarriko dute.

Nik Tri triatloi elkarteko arduradunek aipamen eta eskertza berezia egin nahi izan dute proba honen antolaketan laguntzen dieten erakundeei eta babesleei. Zarauzko Udalaren laguntza ere ezinbestekoa dela azpimarratu dute guztia aurrera ateratzeko eta, zentzu horretan, erraztasunak besterik ez dizkietela eman azaldu dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide