Urriaren 1ean, Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunean, abiatuko dute 60+ Adinekoen Astea Zarautzen, eta 6ra arte luzatuko dute. Gaur ezagutarazi dute, hain justu, udalak eta Adinekoen Mahaiak elkarlanean egun horietarako ondutako egitaraua. Adineko pertsonentzako jarduera mordoa izango dira egun horietan herrian, eta zenbaitetan parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea.
Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotziak azaldu duen moduan, 60+ Adinekoen Astearen helburuak, besteak beste, "adineko pertsonak aktibo mantentzea eta euren artean erlazionatzen jarraitzea" dira. Adinekoen Asteak urtero harrera bikaina izaten duela esan du hark, eta aurtengoa ere bide beretik joan dadin, herritar guztiak animatu ditu prestatutako ekintzetan parte hartzera.
Azaldu duten moduan, gainera, ekintza horietan parte hartzeak saria izan dezake; izan ere, jarduera bakoitzean parte hartzeagatik txartel bana jasoko dute herritarrek, eta azken egunean –igandean– hainbat sari zozkatuko dituzte.
Zarauzko Adinekoen Mahaia osatzen duten elkarteen eta erakundeen zerrenda honakoa da: Udaberri Jubilatuen Elkartea, Iñurritza Jubilatuen Elkartea, Kostan Elkartea, Zarautz Herri Zaintzailea, AFAGI, Maria Etxetxiki Eguneko Zentroa, Santa Ana Egoitza, Nagusilan eta Zarauzko Udala.
Egitaraua:
Urriak 1, asteartea, Adinekoen Nazioarteko Eguna
- 16:00. Mus-tute eta seikoak txapelketa. Parte hartzeko aurretik izena eman behar da Iñurritzan eta Udaberrin.
- 18:30. Death cafe saioa. Iñurritzan euskaraz izango da, eta Udaberrin gazteleraz. Plazak mugatuak dira eta beharrezkoa da aurretik izena ematea zarautzherrizaintzailea@gmail.com helbidera idatzita.
Urriak 2, asteazkena
- 10:00-12:00. Jokoak: petanka, toka, igela. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da Udaberrin.
- 16:00. Mus-tute eta seikoak txapelketako finalak, Iñurritzan.
- 18:00. Bizitza Betea hitzaldia Elisabet Arrietarekin eta Klownkusioak hitzaldia Beatriz Egizabalekin, Modelo Aretoan (sarrera doan).
Urriak 3, osteguna
- 10:00-12:00. Zarautz ezagutzen bisita gidatua. Aurretik izena eman behar da Udaberrin.
- 18:00. ¿Y ahora qué? antzerkia, Modelo Aretoa (sarrera doan).
Urriak 4, ostirala
- 11:00-12:00. Bingo musikatua Maria Etxetxiki, Santa Ana eta eguneko zentroko erabiltzaileentzat, Frontoi Txikin.
Urriak 5, larunbata
- 11:00-12:00. Bizikletaz adinik ez , Santa Anan.
- 12:00-13:00. Kantu jira.
Urriak 6, igandea
- 18:00-20:00. Dantzaldia Gauargirekin eta zozketa, Udaberrin.
Urriak 16, asteazkena
- 18:00. Solos juntos, el valor de las relaciones sociales hitzaldia Javier Yangüasen eskutik, Modelo Aretoan (sarrera doan).