Dagoeneko hasi dituzte Vista Alegre auzoko hiru igogailu berriak instalatzeko lanak, "auzotarren irisgarritasuna eta bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin". Igogailu horiek Allemendi 3-5, Allemendi 10 eta Orkolaga 2-3 zenbakietan kokatuko dira, eta Construcciones Moyua SL enpresak instalatuko ditu.
“Aldapetako bi igogailuak eraiki zirenean aurrerapauso handia sumatu zuten Vista Alegreko bizilagunek, eta proiektu berri honekin auzoko irisgarritasuna hobetzeko udalak auzotarrekin duen konpromisoa beteko du”, adierazi du Xabier Txurruka Zarauzko alkateak. Proiektu hau 2024. urteko udal aurrekontuetako inbertsio "garrantzitsuena" dela ere esan du alkateak.
1.432.472,85 euroko aurrekontua izango dute lanek, eta iraupenari dagokionez, Allemendi 3-5 eta Allemendi 10 zenbakietako bi igogailuen lanak zazpi hilabetean amaituko dituzte; Orkolaga 2-3 zenbakikoa, berriz, bederatzi hilabete inguruan egongo da erabilgarri.
Auzoko mugikortasunean aldaketak
Igogailu berrien instalazio lanek eragina izango dute auzoko errepidean. Esaterako, obrengatik okupatuko dituzten aparkalekuak konpentsatzeko, aldaketak egingo dira Vista Alegreko sarrerako errepidean. Gaur egun auzoko sarrera/irteera den Urkidi kalea, irteteko bakarrik erabiliko da, eta horrela hemeretzi aparkaleku berri sortuko dira bertan. Auzora sartzeko, berriz, Barandiaran kaleko aldapa erabili beharko dute.