Francoren erregimenak fusilatutakoak omenduko dituzte bihar

Intza Trula 2024ko ira. 26a, 09:00

Frankismoko azken fusilatuak oroitzeko iaz Zarautzen egindako ekitaldia. (Jabi Gonzalez Toston)

Urtero legez, 12:00etan elkartuko dira hilerrian, eta 19:00etan Villa Manuelako pilotalekuan egingo dute ekitaldia.

Bihar, Gudari Eguna, 49 urte beteko dira Francoren erregimenak Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra, Angel Otaegi azpeitiarra eta FRAPeko Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz erail zituztenetik. Urteurrenaren harira, hainbat omenaldi antolatu dituzte biharko.

Alde batetik, 12:00etan hilerrian elkartzeko deia egin du Ahaztuak 1936-1977 elkarteak, eta ohikoa den moduan, Txikiren hilobiaren aurrean egingo dute ekitaldia. Bestetik, 19:00etan omenaldia egingo dute, Villa Manuelako pilotalekuan.

Cerdanyolan ere gogoan

Zarautzen ez ezik, erail zituzten lekuan ere omenduko dituzte Francoren erregimenak fusilatutakoak: Cerdanyola del Vallesko (Katalunia) Can Catà basoan, hain zuzen ere.

Etzi, igandean, egingo dute han: 10:00etarako herri martxa deitu dute, eta 12:00etan hasiko da ekitaldi nagusia. 14:00etan, berriz, bazkaria izango da bertan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide