Legatza

Andoni EgaƱa - Berria.eus 2024ko ira. 25a, 13:30

Jangarria dena adierazteko aurrizki eta atzizki berezi bat izan zuen atzo hizpide Andoni Egañak Berria egunkariko Hitz etzanak iritzi atalean.

Pazientzia gutxikoa ni, ez nintzen umetan askotan joan arrantzara, nahiz Kristoren gorputza lehen aldiz ahosabaian itsatsia sentitzearen truke, kanabera bat oparitu zidaten. Gogoan nuen, arrantzara joan izan nintzen aldi bakan haietan, harrapatzen nituen bakarrak mustuak zirela. Ez dakit ze arrain klase zen, baina ez zen jangarria. Trumilka ibiltzen ziren moila inguruan eta ni bezalako arrantzale traketsen amuei ere aisa heltzen zieten. Alferrikakoa zen mustuak harrapatzea, ordea. Mustu-legatzez ere hitz egiten zen moila inguru hartan. Izena bestearen tankerakoa izan arren, mustu-legatza jangarria zen. Nik... ez dut gogoan haietariko alerik ere etxera eramana.

Hizketagaia atera genuen batean, Xabier Alberdi herrikide itsas kontuetan adituak ireki zizkidan begiak. Mustua eta mustu-legatzarena ez da bereizketa kasu bakarra. Gure ingurunean, legatza eransten omen zaio, aurretik nahiz atzetik, jangarria denari: mustu-legatza, legatz-hamarra, legatz-aingira...

Huskeria dirudi, eta hala litzateke, ez balitz sorkuntzarako bide. Aurrerantzean, bereiz genitzake, esaterako, diputatua —Legebiltzarrera ganora handiegirik gabe joan eta egon baino egiten ez duena— eta diputatu-legatza, bere lanari serio heltzen diona. Bereiz genitzake ertzaina eta legatz-ertzaina, irakaslea eta irakasle-legatza, legatz-kazetaria eta kazetari soila...

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide