Joan den astean hasi baziren ere, atzo aurkeztu zituzten Aritzbatalde kiroldegian aurten eskainiko dituzten ikastaroak. Horietaz azalpenak emateaz arduratu ziren Inaxio Illarramendi Kirol zinegotzia eta Jon Amiama BPXeko kiroldegiko koordinatzailea, eta beraien hitzetan, guztira 46 ikastaro eskainiko dituzte aurten, 983 erabiltzailerekin.
Bi kopuruek "hazkunde nabarmena" izan dutela azpimarratu zuten biek, %11,5 inguruko igoera izan baitute bai eskainitako ikastaroek eta bai erabiltzaileen kopuruak. "Total training, pilates, spinning... denek dute arrakasta, eta saiatzen gara jendeak eskatzen dituen ikastaroak ere gehitzen", gehitu zuen Amiamak. Gainera, kiroldegiko bazkide kopuruak ere ageri egin du gora aurreko urteko irailarekin alderatuz; 8.300 bazkide daude guztira, iaz baino %5,5 gehiago.
Kolektibo guztiak kontutan
“Aurtengo ikasturtean helburua izan da kolektibo guztientzako eskaintza edukitzen jarraitzea, hala nola gazteentzako, aniztasun funtzionala dutenentzako edo adinekoentzako, eta hori dela eta indartu dugu eskaintza", zioen Illarramendik.
Azken horientzako ikastaroak ez dira oraindik hasi, urriaren 1ean hasiko dira, Nazioarteko Adineko Pertsonen Egunarekin batera. Hori baliatuta, irailaren 30etik urriaren 6ra kiroldegira doan sartzeko aukera izango dute 65 urtetik gorako zarauztarrek. Halaber, berariaz emakumeentzako ikastaroak ere badaudela azaldu zuen Illarramendik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeak Mugimenduan programaren barruan. "Emakume kirolaria ahalduntzea da gure helburua", azaldu zuten. Aniztasun funtzionala duten pertsonei ere hitz egin zuten atzokoan. Haien kasuan, "egunero" monitore batekin kirola egiteko aukera izaten jarraituko dute, "udalaren kirol ikuspegi eta politiken lerroekin bat eginez”.
Azkenik, kiroldegiko fitness gelan begirale zerbitzuaz herritarrek goza dezaketen ordutegia ere gogorarazi zuten aurkezpenean: 08:30etik 11:00etara eta 17:00etatik 21:30era. Gainera, ordutegi horretan 16 urtetik gorako erabiltzaileek aukera izango dute spinning birtuala eta fitness eremua ezagutzeko tailerrez gozatzeko. Informazio gehiago nahi duenak, 943-00 51 23 telefonora dei dezake.