Zarauzko hainbat emakume musikarik ere gogor salatu dituzte Alex Sarduiren adierazpenak

Mireia Galarza Bastida 2024ko ira. 24a, 16:00

Emarock kolektiboak euskal emakume sortzaileen bueltan antolatutako erakusketako irudiak. (Emarock)

Oharra sinatu duten emakumeen artean daude Zarauzko hainbat musikari, besteak beste, Ane Arruti, Ilargi Agirre, Jone Azkoaga, Gurutze Ostolaza eta Eneritz Aulestia. 

Zalaparta sortu dute Alex Sardui Gatibu taldeko abeslariak Eldiario.es egunkariari eskainitako elkarrizketan egindako adierazpenek. «Musika arloan ez dago diskriminaziorik, edo nik behintzat ez dut ikusi. Egia da ez dagoela hainbeste emakumerik lanean, baina ez da inoiz diskriminaziorik egon». Horrela adierazi du gernikarrak.

Egoera horren aurrean, asko izan dira abeslariaren aurka zabaldutako mezuak, eta musikan dabiltzan Euskal Herriko hainbat emakume feministek eta sexu disidentek ohar bat argitaratu dute, gertatutakoa gogor salatuz: "Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago, eta denbora asko daramagu tankera honetako egoerekin nazkatuta". 

Oharra sinatu duten artean daude Zarauzko hainbat musikari, besteak beste, Ane Arruti, Ilargi Agirre, Jone Azkoaga, Gurutze Ostolaza, Eneritz Aulestia, Klara Gorospe eta Zarauzko Ithaka taldeko Josune Freire eta Leire Olariaga. Horiek guztiek "oso larritzat" jo dituzte Sarduiren adierazpenak, "emakume* askok bizi izandako errealitatea baztertzeaz gain", emakume* horiek aurre egin beharreko "egiturazko oztopoak guztiz minimizatzen dituelako". 

Sarduiren erantzuna

Gertatutakoa ikusita, Alex Sarduik "barkamena" eskatu berri du sare sozialetan hedadutako mezu baten bitartez, eta gehitu du bere adierazpenak "oso eskasak" eta "lekuz kanpokoak" izan direla. "Arrazoia duzue. Barkatu", dio. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide