Abian da berriro ere adinekoei zuzendutako Goizetik programa

Aritz Mutiozabal 2024ko ira. 24a, 09:15

Gizarte Zerbitzuek kudeatzen duten Goizetik programa. (Zarauzko Udala)

Parte hartzaileen arteko harreman sozialak sustatzeko saioak egiten dituzte Udaberri elkartean. Bi multzotan banatuta aritzen dira astean zehar, eta oraindik badago tokia.

Ikasturte berriarekin, berriro ere abian da Gizarte Zerbitzuek kudeatzen duten Goizetik programa. 65 urtetik gorakoei zuzenduta dago, eta bere helburu nagusia da adineko pertsonen autonomia mantentzea eta gizarte harremanak nahiz komunikazioa sustatzea, isolamendu eta bakardade egoerak orekatzeko.

Programako saioetan, dinamika ezberdinak, tailerrak eta jarduerak burutzen dituzte beti ere izaera ludikoan, parte hartzaileen arteko harreman sozialak sustatzeko. Udaberri eraikineko bigarren solairuan eskaintzen dute zerbitzua, guztiz doan, eta bi taldetan banatuta.

Lehen taldea astelehen, asteazken eta ostiraletan biltzen da, 10:00etatik 13:00etara, eta bigarrena, astearte eta ostegunetan, ordu berean.Talde bakoitza hamar pertsona hartuko ditu eta, momentuz, tokia dago parte hartu ahal izateko.

Zerbitzuaren inguruan informazio gehiago nahi izatera, Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jar daiteke 943-00 5111 telefono zenbakira deituta edo Zigordia kaleko 33. zenbakian dauden bulegoetara bertaratuta.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide