Rip Curl Pro Anglet txapelketa irabazi du Keoni Lasak

Aritz Mutiozabal 2024ko ira. 23a, 11:25

Keoni Lasak irabazi du Rip Curl Pro Anglet txapelketa. (Damien Poullenot/WSL)

Adur Amatriainekin parez pare aritu zen finalean, baina 0,34 puntu eskaseko aldearekin nagusitu zen Lasa. Une honetan, Europako QS zirkuituko lehen postuan dago sailkatuta.

Keoni Lasa surflari gazteak profesional mailan orain arte lortu duen garaipenik handiena erdietsi du. QS kategoriako Angeluko surf txapelketa irabazi du asteburuan; estreinako lorpena du, ez baitzuen junior mailan irabazi, ezta oraino absolutuen ere. 3000 kategoriako txapelketa izan zen, Europako gorengo mailakoa, eta garaipenari esker, Europako QS sailkapeneko lehen postuan jarri da.

Angeluko finala benetan estua izan zen, non olatu txikiekin lehiatu behar izan zuten finalera sailkatutako lau surflariek. Lasa eta Adur Amatriain parez pare aritu ziren, bi zarauztarrak oilar, txapelagatik borrokan. Azkenean, 0,34 puntu eskaseko aldearekin, Lasarentzat izan zen txapelketa (8,44); Amatriain izan zen bigarren (8,10), eta atzetik, hurrenez hurren, Jacobo Trigo (7,74,) eta Yago Dominguez (5,93).

Lasa gustura agertu zen txapelketa bukatu berritan, eta Challenger Series zirkuitura sailkatzeko helburu luze horretan pauso garrantzitsu bat eman duela uste du.  Edonola ere, dibertitzea dela bere asmo behinena eta horretarako zenbait bidaia egiteko asmoa duela iragarri du. Bien bitartean, herriko surf komunitateak merezitako harrera egin zion Borghetton, surf elkartearen kanpoaldean, lortutakoari aitortza eginez.

 
 
 
 
 
View this post on Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by KL (@keoni_lasa)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide