Udan euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egin dituzten zarauztarrei diru laguntzak emango dizkie udalak. Horretarako, baina, hainbat baldintza bete beharko dituzte interesa dutenek.
Lehenengoa euskalduntze edo alfabetatze ikastaroren bat egin izatea 2024ko uztaila eta iraila bitartean; bigarrengoa diru laguntzaren xede den ikastaroak irauten duen bitartean Zarauzko udalerrian erroldatuta egotea, eta azkenik ikastaroko orduen %80ra azaltzea. Diru kopuruari dagokionez, ikastaroak iraun duen bitartean langabezian dauden herritarrek %75eko laguntza jasoko dute, eta gainontzekoek, berriz, %50a. Arduradunek azaldu dutenez, "lanik gabeko herritarrek langabezia txartela aurkeztu beharko dute".
Eskaerak egiteko epea gaur irekiko dute, eta urriaren 4ean itxi. Eskabideak, berriz, udal zerbitzu telematikoen bidez edo udaletxean egin daitezke. Azken hori Herritarren Arreta Zerbitzuan egin beharko da, astelehenetik ostiralera 7:30etik 15:00etara eta ostegunetan 17:00etatik 19:00etara.