Ostiralean hasi eta bihar arte, makina bat ekintzaz gozatuko dute aurten ere Salbide auzoko bizilagunek. Goizean goiz jo du dianak, eta txirrinak hartuta, hainbat haurrek parte hartu dute XXIV. Txirrindulari Txikien Egunean. Jarraian, txokolate janaz gozatu dute indarrak berreskuratzeko, eta ondoren, guztiak zain zeuden unea iritsi da: sari banaketa. Botilak, maillotak eta hiru bizikleta zozketatu dituzte partehartzaileen artean.
Eguerdian, 200 bat herritar gerturatu dira Salbideko parkera, auzoko bazkariaz gozatzera. Festak arratsaldean ere jarraituko du, izan ere, poteo girotua eta erromeria izango dira ere auzoan. Nerabeentzat, Haize Orratz gaztelekuak antolatutako ekintzak izango dira ere.
Bihar agurtuko dituzte jaiak, eta azken egunean ere izango da berrikuntzarik: toka txapelketa antolatu dute lehen aldiz, hain zuzen ere. Amenabarrek aitortu duenez, "gogotsu" daude jaiak ospatzeko, eta herritar zein bisitari oro animatu ditu festetara.