ZarautzOn elkarteak bere 10. urteurrena ospatuko du asteartean Modelon

Mireia Galarza Bastida 2024ko ira. 21a, 15:00

Elkarteak antolatutako hitzaldietako bat. (Guka)

19:00etan izango da ekitaldia, eta bertan, ibilbidean zehar parte hartu duten hainbat hizlarik beren testigantzak eskainiko dituzte. Horretaz gain, ohorezko bi bazkide berri izendatuko ditu elkarteak. 

2012an sortu bazen ere, handik bi urtera eskaini zuen ZarautzOnek bere lehen hitzaldia, eta hamar urte igaro dira harrezkeroztik. Ez dira geldirik egon, alderantziz, guztira 120 ekitalditik gora antolatu eta 150 hizlari baino gehiago ekarri dituztelako Zarautzera. Halaber,  14.000 pertsona baino gehiago joan dira antolatutako ekintzetara, eta 45.000 ikustaldi baino gehiago dituzte beren bideo-edukiek. 

Orain, urtemuga borobila ospatzeko, hitzordu berezia jarri du taldeak hurrengo astearterako, hilak 24, Modelo aretoan. Hainbat zati edukiko ditu ekitaldiak. Lehenik, Ana Belen Juaristi lehendakariak hasiera emango dio ekitaldiari, eta jarraian, urte guzti hauetan parte hartu duten hainbat hizlariren testigantzak jasoko dituzte. Ondoren iritsiko da ohorezko bazkide berriak izendatzeko momentua, eta zehazki, Felix Zubia medikuak eta Ana Galarraga zientzia dibulgatzaileak jasoko dute aipamen hori aurten. 

Amaieran, berriz, Andu Lertxundik hitz batzuk eskainiko ditu, ZarautzOn elkartea abiapuntutzat hartuta. Elkarteko kideek herritarrak gonbidatu nahi dituzte, beraiekin batera "iragana gogoratu, oraina bizi eta etorkizunera begira jartzeko". 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide